esaldiak bizitza osorako.
Seguru nago abesti kuttun horretako atal bat barru-barruraino sartzen zaizula noizbait.
"Hori dun arrazoia!" zenbat aldiz esan duzu esaldi nabarmen bat entzundakoan.
Badira gure inguruan identifikatuta sentiarazten gaituzten esaldiak, gu, pertsona bezala, nahi eta ditugun baloreengatik izan ohi da, eta baita egoera horrek norbera deskribatzen duela pentsatzeagatik ere.
Baina beste maila bateko esaldiak ere topa ditzazkegu, tatuatzera iristeraino. Hitz horiek norbera egiten, osatzen edota betetzen duela sentitu eta hitzak norberaren parte izate hori errealitate bihurtzen dugu tatuaien bitartez.
Amonaren esanak.
Poema liburu horretako bosgarren ataleko leloa.
Virginia Woolf-ek emandako erakusgaiak.
Talde kuttunaren abestian topatutako errealitateak.
Bakoitzak berea dauka, handik edo hemendik hartuta.
Hitz horiek tatuaia batera pasatzerakoan ahalik eta modu pertsonalenean egin nahi dugu, eta horretarako diseinatzailearen edota tatuatzailearen gomendioak jarraitzea da egokiena.
tipografia eta espazioa.
Orokorrean, esaldiak zuzenak izaten dira. Horregatik bere itxura ere horrelakoa izan behar du: zuzena, garbia eta pertsonala.
Tipografia mekanak eta eskriptak dira gehien erabiltzen direnak, eta nire ustetan, hobekien erabili daitezkeenak.
Mekanak antzinako idazteko makinak gogorarazten dizkigute (bai, hor noa berriro ere retro erara). Makina horietako bat buruan badugu, gogoratuko gara hizki bakoitzak bere espazioa zuela, eta beraz, oso zaila zen hizki bakoitza bata bestearen gainean gainjartzea. Gaur egun, ordenagailuz ere tipografia mekana batera jotzen badugu, orokorrean espazio nahikoa izango du hitzen artean, idatzitakoari garbitasuna emanez.
Tipografia mekanaren adibidea. Argazkia: Valeria Reverdo (https://unsplash.com/es/@lereverdo)
Beste aukera bat eskriptak dira, hau da, eskuz eginak direnaren itxura dutenak. Aukera zabala dago hemen, beraz, norberaren gustua sartzen da jokoan. Hala ere berriro espazioaren bila joatea izango litzateke egokiena, hau da, hizki bakoitzari bere marjinak eman, bere tokia, hitz zabal bat sortuz. Garbitasuna ematen dio honek, eta gainera, tipografia pertsonalizatzeko garaian beste hamaika aukera ematen dizkigu.
Eskuz tipografia bat sortuz. Argazkia: Kit (https://unsplash.com/es/@kit)
Izango al zinake zu, tipografia eskripta bat erabiliz, estetikoki ederra den hitz bat sortzeko? Hartu papera eta arkatza, eta hasierako bi gomendio emango dizkizut: luzatu lerroak eta ez izan espazioa okupatzearen beldurrik.
Nik egin dut nirea. Zer iruditzen?
Eskuzko idatzia, adibide bezala sortua, Berri Txarrak-en Biziraun abestitik aterata.
betirako gure azalean.
Ez bazara zure irudia egiteko gai ikusten, lasai egon zaitezke, bai tatuatzaileak, bai ilustratzaileak eta baita diseinatzaileak orokorrean lan hau era ederrean egiteko gai dira.
Pinterest bezalako aplikazioak ere erabilgarri dauzkagu ideiak hartzeko, gure barrura ehunka eta ehunka irudi sartu eta denen artean norberarena izango den irudia osatzeko ideiak ematen dizkigu.
Gogoratu tatuai bat betirako egongo dela zure azalean, zure bizitzan. Hainbeste maite duzun esaldi horrek bere omenalditxoa merezi duela pentsatzen dugun momentutik kolore bat ematen diogu, tipografia mota bat, espazio bat. Energia bat.
Mekana estiloko tipografia erabiliz sortutako tatuaia. Argazkia: Birk Enwald (https://unsplash.com/es/@birkenwald)
Ikusten dugunez, tatuaiek ere, nahiz eta tipografikoak izan, beren diseinu prozesua daukate, behar dute.
Nik badut nire esaldia. Ez naiz oraindik esaldi hori tatuai batean ikusteko diseinatzen hasi. Hasi beharko nuke? Agian noizbait...
Irudia freepick.com webgunetik hartuta, rawpixel.com erabiltzaileak egina.

