Ikusezinak izandako eskuak: emakumeak euskal diseinuaren historian.
Diseinu grafikoaz hitz egiten dugunean, normalean kontzeptu jakin batzuk datozkigu burura: kartelgintza, tipografia, marka-irudia... Eta gehienetan, izen propioez hitz egiten dugunean horiek danak gizonezkoenak izan ohi dira. Baina euskal kulturaren historian zehar emakumeeak etengabe izan dira sortzaile: irudi sortzaile, forma sortzaile…
Azken finean, diseinatzaile. Nahiz eta sistemak —museoek, argitaletxeek, eskolek— haien lana ia inoiz "diseinu" izenarekin aitortu ez, brodatuetan, ehungintzan, kartelgintzan, ilustrazioan eta jantzigintzan, emakumeek hizkuntza bisual propio bat eraiki izan ohi dute, askotan "artisautza" edo "etxeko lana" izeneko kaxa batean sartuta, eta horrek diseinu-kategoriatik kanpo utzi ditu historikoki.
Sarrera honetan, hiru ikuspegitatik landuko dut gai hau:
- nola eraiki den emakumeen lana ikusezin egiten duen logika hori
- nola eragin duen horrek gure ondare bisualean
- zer ikasten dudan nik, diseinatzaile gisa, historia ezkutu horretatik.
1. zergatik geratu da emakumeen lan bisuala "artisautza" izenarekin anklatuta?
Teknologien laguntzaz diseinuaren garapena azkartu da. Argazkia: AI.25 Studio (https://unsplash.com/es/@andyadcon)
Artearen historiak —eta horrekin batera diseinuaren historiak ere— mendeetan zehar logika berbera errepikatu du: emakumeek egindako sorkuntza pribatutzat, etxekotzat edo "ofiziotzat" hartu da, eta gizonezkoek egindakoa, berriz, "artetzat" edo "diseinutzat". San Telmo Museoak antolatutako Baginen, bagara erakusketak ondo erakutsi zuen hori: pintoreak, ehungileak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak... beti egon dira emakumeak sorkuntza lanetan, baina gutxi izan dira Artearen Historiak aitortu dituenak. Erakusketa horren atzean dagoen ikerketak agerian utzi zuen, gainera, museoek eta bilduma publikoek paper garrantzitsua jokatu dutela emakumeen ikusgarritasuna baldintzatzeko orduan.
Diseinu grafikoaren kasuan, fenomeno hori are nabarmenagoa da. Diseinua, ofizio gisa, XX. mendean instituzionalizatu zen Euskal Herrian, eta unibertsitateetara eta lantegi handietara lotutako espazio horietan, emakumeek sartzeko zailtasun handiagoak izan zituzten. Bitartean, emakumeek beste bide batzuetatik egiten zuten diseinua: oihalen patroietan, bordatuen konposizio geometrikoetan, jantzi tradizionalen kolore eta forma kodean... Ane Albisu ikertzaileak —baserritar jantziari buruzko tesigilea— oso ondo azaltzen du nola jantzi bakoitzean sistema bisual oso bat dagoen kodetuta: jantziak, gorputz batean dagoenean, janzten duenaren mugimenduak eta imintzioak jasotzen ditu, pertsona horren izaera psikologikoa eta soziologikoa bertan txertatuz. Hau da, semiotika hutsa: kodeak, identitateak eta mezuak forma eta kolorearen bidez transmititzea lorttzen zuten. Diseinu grafikoaren funtsa bera.
2. tradiziotik diseinura: jantziak, kartelak eta euskal aldizkariak
Emakumeen lan grafikoaren aztarna ugari aurki ditzakegu, behin begirada zorroztuz gero. XX. mendearen hasieran, esaterako, Euskal Esnalea bezalako aldizkariek emakumeak idaztera —eta sarritan ilustratzera eta diseinatzera— erakarri zituzten, eta horrek emakume idazle eta sortzaileen sare bat sortu zuen, gaur egun ia ahaztuta dagoena. Geroago, Eusko Ikaskuntzak berak ere antzeko ariketa egin zuen, 44 emakume gogoratzeko kartel-kanpaina bat sustatuz; bertan, Kukuxumusuk diseinatutako kamiseta batean euskal historian arrastoa utzi zuten emakumeen aurpegiak bildu zituzten, era horretan grafismo garaikidea eta memoria historikoa lotuz.
Jantzigintza tradizionalean ere diseinu-lan kontziente bat dago, gaur egun artista desberdinak berreskuratzen ari direna. Adibidez, Leyre Arraiza artistak Erronkariko emakumeen jantzia hartu du abiapuntu, eta haren elementu sinbolikoekin —mantelina, muskoko izeneko borla— jolasten du, tradizioaren pisuari aurre eginez eta jantziaren hizkuntza propioa zalantzan jarriz. Niretzat, hori da hain zuzen ere diseinu grafikoaren funtsezko galdera bat: forma tradizional batek zer esan nahi du, eta nola berrinterpreta daiteke kodea apurtu gabe, baina era berean kodean bertan sakonduz.
Era berean, gaur egun ere moda eta diseinu bisualeko emakumeen lana ikusgarri egiteko ekimenak ugaritzen ari dira: 2021ean, esaterako, Bilboko Euskal Museoan Fashion Kultur Bilbao ekimenak modaren arloan ari ziren euskal emakumeen lana jarri zuen erdigunean, ikastun gazteenetatik diseinatzaile finkatuenetaraino. Mugimendu horiek oraindik bide luzea egiteke dagoela erakusten dute. Argi dago ikusgarritasuna eraiki egin behar dela, mirariari itxaroten egon gabe.
3. diseinatzaile garaikide batentzat historia hau berreskuratzeak zer esan nahi du?
Diseinu grafikoa egiten dudanean, askotan pentsatzen dut nondik datorren forma bat, kolore-paleta bat edo konposizio-logika bat. Eta gero eta gehiago konturatzen naiz nire erreferentzia askok ez datozela eskola-liburuetatik, baizik eta amama-amonen eskuetatik, etxeko brodatuetatik, herriko jantzietatik. Hori ez da kasualitatea. Emakumeek transmititutako jakintza hori, hain zuzen ere, sistematik kanpo geratu delako iraun du horrelako modu ez-instituzionalean, ahoz aho eta eskuz esku.
Niretzat, diseinu grafikoaren lana —kilometro zero, bertakotasuna eta kultura propioa ardatz dituena— ezin da ulertu emakume horiek egindako lana aitortu gabe. Ez da historia "berreskuratzeko" ariketa nostalgiko bat soilik, diseinu-praktika bera oinarri sendoagoetan kokatzeko modu bat baizik. Forma bakoitzaren atzean dagoen esku, testuinguru eta esanahiaren ezagutza.
Gogoratu lan historiko askoren atzean litekeena dela emakume baten esku trebeak egotea, historiak oraindik bere izena ondo gorde ez badu ere.
Emakumea beti ibili izan ohi da diseinatzen. Argazkia: AI.Magda Ehlers (https://www.pexels.com/es-es/@magda-ehlers-pexels/ )
informazio iturriak
- Naiz-en San Telmo Museoan egindako erakusketa baten inguruan · Santelmo Museum
- Dantzan · Dantzan
- Euskal Kultura · Euskal kultura
- Kultur Sharea · Kultur Sharea
- Euskado.eus ataria · Euskadi
Irudia goiburua: Naiz-eko artikuluan topatu daiteken argazki bat.

